XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ai, zenbat kandela moztu ziren, eta zenbat puska moztu lurrera jaurtiki!

Ai, umeen eroa, argizari labainaren gainean irristaka!

Agertu zen jatena.

Arroz-azpilak, eltze oilaxko ketsuz beteak, edonor txundituko zuten budinak!

Eta etorri zen ardoa, galoiak eta galoiak.

Martinezek patata-whiskyko upel bat atera zuen zimaurraren artetik, eta Dannyren etxera eraman zuen.

Bost t'erdietan han zihoazen lagunak muinoan gora, nekatuak eta odolez zikinduak, baina garaile.

Horrelakoxe itxura behar zuen izan frantses gudarosteak Austerlitzetik Parisa itzuli zenean.

Etxea ikusi zuten, kolorez distiraka.

Barrez hasi ziren, eta nekea desagertu zitzaien.

Zorion malkoak sortu zitzaizkien begietan.

Mama Chipo sartu zen atarian, bi semeak, salsa pura-z betetako azpil handi batekin, atzetik zituela.

Paulitok, aberats zital hark, babarrun eta txilez betetako eltze handi baten azpiko suari eragiten zion.

Oihuak, kantak, entzuten ziren, emakumeen txilioak, ume harrotuen zarata.

Polizia kezkatiez betetako auto bat igo zen Montereytik.

-A, festa bat besterik ez da.

-Bai, edango dugu ardo pixka bat.

-Ez inor hil.

Non da Danny?

Gau hotz eta garbi bateko kea bezain bakarti, hantxe doa arratsean Monterey aldera.

Posta bulegora doa, geltokira, Alvarado Streeteko apustu lekuetara, habeen artean ur beltza kexuka dabilen kaira.

Zer da, Danny?

Zer duzu horrela egoteko?

Ez zekien Dannyk.

Bazuen bihotzean min bat emakume maite bati agur esatea bezalakoa; bazuen goibeltasun lauso bat, udazkeneko tristeziaren antzekoa.

Interesez usaindu ohi zuen jatetxearen aurretik pasa zen, eta ez zitzaion goserik sortu.